XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ALDERDI EGUNA

M. Atxaga

ALDERDI Eguna ospatuko du igandean EAJk.

1977an, Franco hil ondoren, hasi zen alderdiaren eguna urtero ospatzen.

Nafarroako Sanmigelen hasi ere.

Ondorengoak, Bizkaian eta Gipuzkoan egin zituen.

Aspaldian, Gasteiz ondoko Salburuan bildu ohi da, arrakasta haundiz, gainera.

Aurten arrazoi berezia du Eusko Alderdi Jeltzaleak bere alderdiaren eguna ospatzeko: ehungarren urtemuga.

Ehun urte ez ditu edonork betetzen.

Sasoian gutxiago.

Eta EAJk, bere ehun urte haundirekin, Euskadiko alderdirik indartsuena da.

Ehun urte hauetan hotz-bero, gazi-gozo eta heze-ihar asko jasan du; berotik, gozotik eta hezetik baino hotzetik; gazitik eta iharretik gehiago, jakina.

Atzera begira, beraz, bizikizun eta eskarmentu garratz antza du.

Aurrera begira ere, bidea ez da garbia, bai ordea esperantzaz betea, eskarmentuz eta ilusioz betetako alderdi batentzat.

Horregatik ipini digu bere esperientzia etorkizunaren zerbitzuan.

Mendeurrenaren ospakizunak ekainaren 15ean hasi zituen, Donostiako Miramar jauregian alderdi eta gizarteko indar desberdinetako ordezkariei eskainitako ekitaldiarekin.

Alderdi barruko eta alderdiaren izeneko karguei, berriz, uztailaren azken egunean eskaini zitzaien Bilbon, .Sabin-Etxean, EAJren oinarrizko pentsaera eta jokabideen adierazpena eta mezua sinatuz eta aldarrikatuz.

Igandean, alderdikide, gogaide eta abertzale demokrata guztien eguna izatea nahi litzateke Salburuan: alderdi baten eguna baino zerbait gehiago.

Funtsezko burubideak eta egitasmoak dituzten abertzale demokratak adiskidetzeko eta elkartzeko orduak jo du.

Bestela, oso zail da gure herriak dituen arazoak konpontzea eta etorkizuna izatea.

Horretarako, gogoeta sakona eta zehatza egin behar da abertzaletasunari buruz.

Euskadiren egoerari eta geroari buruz.

Sabino Arana Kultur Elkargoak antolatu dituen jardunaldietan gauza interesgarri asko esan da.

EAJ bera ere gogoeta egiten ari da alderdiaren eta herriaren etorkizunari begira: ondorengo lau urteotako buruzagiak eta jokabideak aukeratu eta finkatu behar baititu.

Gauza asko egin da urteotan.

Okerrak ere egin dira, jakina.

Orain dela 30 urteko gure amets asko bete gabe geratu da.

Uste ez genuen langabeziak, bortizkeriak eta elkarrekin konponezinak jo gaitu.

Arazo eta auzi-mauzi itzelak ditugu.

Baina baliabideak eta bitartekoak ere baditugu.

Norberak uste zuena gertatu ez delako, ez dago dena gaizki.

Norberak espero eta nahi zuena gertatu ez delako, dena gaizki dagoela esatea harrokeriaren etsipena da: Oteizitis.

Ez gaude geuron buruak urkatzeko zorian.

Non gauden eta nora joan nahi dugun aztertu behar dugu ongi.

Etorkizuna non dugun ikusi behar dugu argi, batez ere.

Abertzaletasun demokratikoak badu etorkizunik.

Abertzaletasun demokratikoak bere lekua eta bere bideak bilatzen eta aurkitzen baditu, Euskal Herriak ere izango du etorkizunik.

Esperanza eta ilusio hori pizteko da Salburuko biltzarra.

Abertzaletasuna eta abertzaleon buruak berritzeko eta XXI mendeari egokitzeko, abertzaleok adiskidetu eta egitamo bateratu baten inguruan elkartzeko eta abertzaletasun demokratiko guztia Euskadiren zerbitzuan jartzeko kemena eta gogoa piztu behar dizkigu Salburuko jardunak eta batzarrak.